XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IPARRAGIRRE Bilbo, 1988-III-18 J. A. Arana Martija.

Iparragirre liburuaren aurkezpenean, Ataurrekoan Aita Villasantek, eta gaur hemen esandakoetatik aparte, liburuaren sorreran partaide izan nintzen aldetik, zeozer gehitu nahi nuke.

Liburu batek, egitura eta edukinetik landa, badu bere historiatxoa ere.

Liburu honen egitura ikusteko nahiko izango da aurkibideari goi begirada bat ematea: pertsonaia bera, beronen garaia eta ingurua ikertzen da lehen sei kapituluetan, 160 orrialdeetan zehar.

Iparragirreren biografia osotzeko kronologiazko bidea jarraitu beharrean, beste metodologia bat asmatu zen duela zortzi urte liburuaren egituraz arduratu ginenean, hots, Euskal Herriekin bertsolari honek zeuzkan loturak aztertzea, eremu zabal horretan bazeuden egonaldi eta ekintzak eta.

Beraz sei Euskal Herrietatik ibili zen kantariaren berriak ikertzea iruditu zitzaigun orduan, ikuspuntu egoki eta berrigile gisa.

Eta hori da hurrengo 160 orrialdeetan ematen zaiguna, Ameriketako egotaldi luzea barne delarik.

Batek baino gehiagok nabarituko zuen eskualde baten falta: Gipuzkoa.

Baina bertakoa zenez eta bertan hila gainera, Iparragirreri buruzko liburu gehienetan ematen dira hango berriak ugari, eta liburu honetan, aurrera-pausu bat eman nahi zuen Euskaltzaindiak, Aita Villasantek Ataurrekoan dioenez.

Liburuaren egitura bukatzeko, Iparragirreren bertso eta musika lana ematen zaigu ia ehun orrialdetan.

Eta lehenagokoetan hainbat berri ematen badira ere, hemen dago, behar bada, bertsolariaren lana eskainikeran, inoiz taiuz eta osoki eman gabeko bilduma.

Orain arte inoiz argitaratu gabe zeuden bertsoetatik aparte, argitaratutakoak ere oso osoan ematen dira lehendabizi, eta hainbat zuzenketa eginez gainera.

Zoritxarrez, Iparragirreri buruz kaleratutako liburuen artean eta asko dira Bibliografian ikus daitekeenez bertsorik gehienak errataz beterik argitaratuak izan dira, eta kantatuak ere bai.

Belaustegi, Salaverria, Arrillaga, Castresana eta beste, bertsoen testuak behar den bezala ematen ez dira arduratu.

Aurrekoetan agertzen ziren hutsune eta errata guztiak korritzen zuten erreka lohi honetan.

Eta ur gardena edatea komeni zen Iparragirreren idazlanetan edo sasiak kentzea euskararen belar berdea garbi ager zedin.

Sarri askotan zaila zen garbiketa egitea eta bide errazetik jo dute denek.

Gu gaurko honetan lan hori burutzen ahalegindu gara: hitzak, bertsoen puntuak, neurriak eta abar zuzendu eta aldatu egin ditugu Iparragirreren hizkuntzara eta bertsogintzara heltzeko asmoetan.